Atzerriko goi-mailako hezkuntzako tituluak Espainian araututako lanbiderako sarbidea ematen duten Gradu edo Master titulu ofizialetara homologatzea

Mesedez, irakurri arretaz atzerriko tituluen homologazio-prozesuari buruzko hurrengo informazio interesgarria

INFORMAZIO OROKORRA

Eskaerak aurkezteko epea: BETI IREKITA

Prozedura hau erreserbatuta dago Espainian araututako lanbideetarako sarbidea ematen duten tituluentzako. Araututako lanbideak hemen kontsulta ditzakezu:urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuaren eranskina.

Deskribapena

Prozedura honen bidez, atzerriko erakundeek emandako goi-mailako hezkuntzako tituluak Espainian araututako lanbiderako sarbidea ematen duten Gradu edo Master titulu ofizialetara homologatzea eska daiteke. Horrez gain, espedientearen izapidetzearen egoera kontsulta daiteke.

Norentzat

Espainiakoa ez den goi-mailako hezkuntzako erakunde batek emandako titulua dutenak.

Betekizunak

Prozedurarako 107 tasa ordaindu behar da.

Informazio gehiago

Atzerriko titulu bat Espainian araututako lanbiderako sarbidea ematen duen titulu batera homologatuz gero, dagokion lanbide arautuan aritzeko aukera izango duzu, lanbide horretan aritzeko aukera ematen duten Espainiako tituluak dituztenen baldintza berdinetan.

IZAPIDETZEA

Eskabideen aurkezpena

Prozedura hau bitarteko elektronikoen bidez izapidetuko da. Eskabideak jasotako dataren ordenari jarraituta izapidetuko dira, eta eskabide bikoiztuak ezetsiko dira.

Eskabidearen izapidetzea

Tituluaren homologazioa izapidetzeko eskaera Unibertsitateetako Ministerioaren egoitza elektronikoaren prozedurak erlaitzeko ″Unibertsitateko Tituluak″ aukeraren bidez egiten da.

Eskabidea aurkezteko, sakatu pantailaren behealdearen eskuinean dagoen "Sartu prozeduran" botoia, eta sartu izapidetzea egiteko atalean. Cl@ve sistemaren bidez identifikatu zaitezke; izapidetzea egiteko orrian beharrezko baldintzei buruzko informazio guztia duzu. Beste aukera bat erabiltzaile eta pasahitzarekin identifikatzea da. Horretarako, egoitzan aurretik erabiltzaile bat sortu beha da.

Zenbait erlaitz aurkituko dituzu, eskatutako informazioa betetzeko. Prestatu eskabideari erantsiko diozun dokumentazioa; prozedura telematikoak zure kasuan behar den dokumentazioa eskatuko dizu. Zure eskabidearen zirriborro bat gorde dezakezu, eta, horrela, aurkeztu aurretik informazioa osatzen joan zaitezke.

Eskaera bukatu aurretik, tasa ordaindu behar da, egoitza elektronikoan adierazitako moduetako baten bidez.

Bidali aukeran sakatuta eskabidea aurkeztu ondoren, eskabidea administrazio publikoen erregistro orokorrean erregistratuta geratuko da baita ere, eta sistemak erregistroan egindako aurkezpenaren egiaztagiri bat sortuko du.

Eskabidea erregistratu eta gero, espedientea kontsultatzeko zerbitzua erabili dezakezu.

TASAREN ORDAINKETA

ORDAINTZEKO MODUAK:

Homologazio-eskaerari dagokion ordainketa telematikoki egin daiteke. Bestela, 790-107 ereduaren egiaztagiria aurkez daiteke, beteta eta ordainketa egiaztatzen duen banketxearen ziurtapen mekanikoa edo sinadura baimenduarekin, edo kontu mugatuan egindako diru-sarreraren edo transferentziaren egiaztagiriarekin.

    - Ordainketa telematikoa

Tasa banku-transferentziaren bidez edo kreditu-txartelarekin ordaindu ahal izango da (betiere, ordainketa egin behar duenak IFZ, IFK edo AIZ edukiz gero eta bere entitatea tasak kontuarekin edo txartelarekin ordaintzeko AEATaren hitzarmenei atxikita badago).

Ordainketa telematikoa egin dezakezu:

  • Zure izenean: Eskatzailea Cl@ve bidez identifikatu da eta IFZ/IFK/AIZ dauka.
  • Ordezkari gisa (jarraian adierazitako puntu guztiak bete behar ditu):

             -  Ordezkaria Cl@ve bidez identifikatu da.

             -  Ordezkatuak ere IFZ/IFK/AIZ bat dauka.

             -  Ahalordea eman da Ahalordeen Erregistro Elektronikoren bidez.

                Ez da nahikoa izango ordezkaritza ziurtatzen duen dokumentuarekin.

     - Ordainketa Espainian

790-107 Eredua - Tasa homologazioagatik, titulazioa eta maila akademikoa baliokide egiteagatik, eta atzerriko tituluak eta ikasketak baliozkotzeagatik

Inprimaki hori edozein Banku, Aurrezki-kutxa edo Kreditu-kooperatibatan aurkeztuko da, baldin eta zerga-bilketako erakunde laguntzailea bada.

3. orrialdea banketxean geratuko da.

1. orrialdea, ordainketa egiaztatzen duen banketxearen ziurtapen mekanikoa edo sinadura baimendua izango duena, eskaera honetara erantsiko da.

2. orrialdea banketxeak interesdunari emango dio, frogagiri gisa.

    - Ordainketa atzerrian

Tasaren ordainketa Unibertsitateetako Ministerioaren aldeko diru-sartze edo transferentziaren bidez egingo da, atzerrian tasak biltzeko duen kontu mugatuan:

IBAN: ES16 9000 0001 2002 5310 8022.

BIC: ESPBESMMXXX.

HELBIDEA: Alcalá kalea, 48, 28014 Madrid (Espainia).

Kasu bakoitzean tasarentzat ezarritako zenbatekoa da kontu mugatuan sartu beharko dena, diru-sartze horren ondorioz ordainketa egin behar duenak transferentzia egiten duen entitateari ordaindu beharreko gastuak kontuan hartu gabe. Transferentzia-gastu horiek edo bankuaren beste edozein komisio interesdunaren kontura izango dira beti, eta gastu horien ondorioz ezin izango da murriztu kontu mugatuan sartzen den tasaren zenbatekoa.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

    1. Betekizunak

    1.1. Ofizialtasuna

Erantsitako dokumentu guztiak ofizialak eta horretarako eskumena duten agintariek eginak izan beharko dira, dagokion herrialdeko ordenamendu juridikoarekin bat etorriz.

    1.2. Legeztatzea

Kasu batzuetan, jatorrizko dokumentuak behar bezala legeztatuta egon beharko dira (kontsultatu urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuaren 13.1 artikulua).

Legeztatzea administrazio-egintza bat da, atzerriko dokumentu publiko bati baliozkotasuna ematen diona. Horretarako, dokumentu batean dagoen sinaduraren autentikotasuna eta dokumentua sinatutako agintariak legez izandako papera egiaztatzen dira.

Beraz, legeztatzeko aitortu behar da jatorrizko herrialdeko Heziketako Ministerioaren edo beste erakunde baten bidez dokumentuak sinatzen dituen hezkuntza-agintariaren sinadura. Ondoren, Heziketako Ministerioaren ordezkariaren sinadura aitortu behar da bide diplomatikoaren (Kanpo Arazoetako Ministerioa eta Espainiako Kontsulatua jatorrizko herrialdean) edo Hagako Hitzarmenaren bidez.

    1.3. Zinpeko itzulpena

Hala badagokio, dokumentazioarekin batera bere gaztelaniarako itzulpen ofiziala entregatu behar da.

Atzerriko hizkuntza baten gaztelaniarako itzulpen eta interpretazio ofizialak eta atzerriko beste hizkuntza horietara egindako gaztelaniakoak Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Hizkuntzen Interpretaziorako Bulegoak ziurtatu behar ditu, bai eta Ministerio horrek emandako zinpeko itzultzaile-interprete titulua duenak egindakoak ere, martxoaren 25eko 2/2014 Legearen hamaseigarren xedapen gehigarrian zehaztu bezala (uztailaren 30eko 29/2015 Legearen azken xedapenetako laugarrenak aldatzen du).

Herritarra informatzeko, hizkuntzen itzulpen eta interpretazioan Estatuko Administrazioak duen organo gorena den Hizkuntzen Interpretaziorako Bulegoak aldizka zerrenda bat egin eta argitaratzen du, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioak izendatu dituen zinpeko itzultzaile-interprete guztiekin, zein hizkuntza edo hizkuntzetarako itzuli eta interpretatzeko gaitu diren adieraziz.

Azken eguneratzea Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren web-orrian dago. Hurrengo estekaren bidez kontsulta daiteke: Zinpeko itzultzaileak-interpreteak

    2. Eskabidearekin batera eman beharreko dokumentuak

Eskabidea hurrengo dokumentazioarekin batera aurkeztu behar da:

1. Eskatzailearen nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen dituen agiria, jatorrizko edo etorkizko herrialdeko agintari eskudunek edo atzerritartasunaren arloan eskumena duten Espainiako agintariek luzatua. Espainiako herritarren kasuan, nortasun agiri nazionala edo Administrazioaren esku dauden nortasun-datuak egiaztatzeko baimena.

2. Homologatu nahi den titulua edo titulua eman dela frogatzen duen ziurtagiria eta, hala badagokio, dagokion itzulpen ofiziala.

3. Titulua lortzeko egindako ikasketen ziurtagiri ofiziala, besteak beste, hurrengo datuekin: iraupen ofiziala ikasturteetan, jarraitutako ikasketa-plana, irakasgaiak eta bakoitzaren ordu-karga, orduetan edo ECTS kredituetan (europarrak) eta, hala badagokio, bere itzulpen ofiziala.

4. 107 tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

5. Espainian araututako lanbidean aritzeko behar den hizkuntza-gaitasunaren egiaztagiria (ikusi urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuaren 13.2 artikulua).

6. Araututako Lanbidearen arabera, agian beste dokumentu batzuk entregatu beharko dira, lanbide bakoitzarentzako indarreko araudia betez (ikusi 3. apartatua: Dokumentazio espezifikoa).

7. Erantzukizunpeko adierazpena, non interesdunak emandako datuen egiatasuna adierazten baitu.

Aurreko agiriak nahitaezkoak dira prozedurari hasiera emateko.

    3. Dokumentazio espezifikoa

Hurrengo kasuetan, espedienteari hasiera emateko adierazitako dokumentazioaz gain, honako dokumentazio espezifiko hau aurkeztu behar da:

    • Medikua edo Erizaina araututako lanbidera sarbidea ematen duen titulurako homologazioa

Homologatu nahi den titulua eskabidea aurkeztutako dataren aurreko 6 urteak baino lehenago lortu bada, aurkeztu behar da, nahitaez, mediku edo erizain autonomo gisa, bazkidea edo tutoretzapekoa izan gabe, lan egin izana edo, bestela, azken 5 urteetan gutxienez 3 urteko etengabeko prestakuntza egin izana frogatzen duen dokumentazioa.

Tituluduna titulua ematen duen herrialdea ez den beste herrialde batean bizi bada eta azken urteetan titulua emandako herrialdean lanbide-esperientzia duela egiaztatu ezin badu, mediku edo erizain autonomo gisa lan egin duela egiaztatzen duten agiriez gain, interesdunak erakundearen egiaztagiria aurkeztu beharko du, bai eta mediku edo erizain gisa aritzeko gaitzen duen tituluaren homologazioaren kopia ere.

    • Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako maisu-maistra araututako lanbidera sarbidea ematen duen titulurako homologazioa

Gaztelaniadunak ez diren herrialdeetako eskatzaileek, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako maisu-maistra lanbide arautuan aritzeko homologazioa eskatzen dutenek, C1 mailako hizkuntza-gaitasuna dutela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, ECI/3854/2007 eta ECI/3857/2007 Ministerioaren Aginduaren arabera, hurrenez hurren, B2 mailakoaren ordez.

Herrialde gaztelaniadunen eskatzaileek, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako maisu-maistra lanbide arautuan aritzeko homologazioa eskatzen dutenek, atzerriko hizkuntzan B1 mailako hizkuntza-gaitasuna dutela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, ECI/3854/2007 eta ECI/3857/2007 Ministerioaren Aginduaren arabera, hurrenez hurren.

    • Irakasle lanbidera sarbidea ematen duen titulurako homologazioa

Homologatu nahi den tituluak lanbidean aritzeko gaitzen ez badu, gaitzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, bai eta eskolak zein adin eta irakasgaitan eman ditzakeen frogatzen duena ere, behar bezala legeztatuta.

    • Lanbide tekniko batera sarbidea ematen duen titulurako homologazioa

Homologatu nahi den tituluak lanbidean aritzeko gaitzen ez badu, gaitzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

    • Beste lanbide batzuk

Urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuaren 8.2 artikuluaren arabera, prestakuntza egiten hasteko baldintza gisa Graduko Espainiako titulu ofizial jakin bat izatea eskatzen duen Espainiako Masterreko titulu ofizial jakin batera homologatzeko eskaeretan, eskatutako Gradu zehatza edukitzea egiaztatu beharko da:

     ° Osasun Psikologo Orokorra lanbidera homologatzeko, Psikologiako Graduaren titulua aurkeztu beharko da.

     ° Abokatua edo Epaitegietako Prokuradorea lanbidera homologatzeko, Zuzenbideko Graduaren titulua aurkeztu beharko da.

Urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuaren 8.2 artikuluaren arabera, prestakuntza egiten hasteko baldintza gisa Graduko Espainiako tituluren bat (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaslea, Lanbide Heziketako irakaslea eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakaslea) izatea eskatzen duen Masterrera homologatzeko eskaeretan, ziurtatu beharko du Masterraren titulua duela edo Masterra egiteko onartua izateko eskatzen den tituluaren arlo eta eremurako baliokidetasunaren ziurtapena duela.

BEHIN BETIKO EBAZPENA

Goi-mailako hezkuntzako atzerriko tituluen homologazioaren ebazpenak Unibertsitateetako Ministerioko Tituluen eta Unibertsitateko Ikasketen Antolamendu, Jarraipen eta Kudeaketaren Zuzendariordetza Nagusiak emandako Egiaztagiri baten bidez formalizatuko dira. Egiaztagiri guztiak formatu digitalean bidaliko dira sinadura elektronikoarekin.

ARAUDIA

Urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretua

     - BOEn egun honetan argitaratu zen: 2022-10-19

MAIZKO GALDERAK